Leo Frobenius (Berlin, 1873ko ekainaren 29a - Verbania, Italia, 1938ko abuztuaren 9a) alemaniar etnologo eta antropologoa izan zen.
Bere kabuz ikasi zuen, eta gazte zelarik piztu zitzaion Afrikako etnologiari buruzko jakin-mina. Batez ere Afrikako kulturak ikertu zituen, 1904-1935 bitarteko urteetan, harako 12 espediziotan egindako bilketa-lanen bidez. Horiez gainera, historiaurreko arte-gune nagusiak ikertu zituen Alpeetan, Norvegian, Espainian eta baita Indian ere. 1922. urtean, etnologia-elkarte bat (alemanez: Forschungsinstitut für Kulturmorphologie) sortu zuen. Handik hamar urtera, Frankfurteko Unibertsitatean antropologia-eskolak eman zituen, eta 1934. urtean, Udal Etnologia Museoko zuzendari izendatu zuten. Frobenius kulturen teoria zientifiko bat egiten saiatu zen lehenetako ikerlari bat izan zen. Haren lan nagusiak: Atlas Afrikanus (1922 - 1931, Afrikako atlasa); Der Ursprung der afrikanischen Kulturen (1898, Afrikako kulturen sorburua); eta Kulturgeschichte Afrikas (1933, Afrikako zibilizioaren historia).